“Eraso sexistak ekiditea denok ardura delako”, Uribe Kosta eta Erandioko dozena pare bat emakumek eta jai batzordeetako kideek egin zuten agerraldia ekainaren 27an, Sopelako San Pedro jaietan, eskualdeko herrietako festetan ematen diren irain, ukitze eta bortxaketa ugariak saihesteko neurriak aldarrikatzeko asmoz. Gauzak horrela, “antolatzera eta autodefentsa praktikatzera” dei egin zieten emakume guztiei eta bereziki emakume gazteei. “Emakumeok jaiak askatasun osoz bizi eta gozatzeko eskubidea daukagu eta horregatik ez gara etxean geratuko eta ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko”, adierazi zutenez. Bide horretan, autodefentsarako tresnak eskuragarri ipiniko dituzte, kasu txilibitua, “alerta eta salaketa tresna modura”. Argazkian, larunbateko agerraldia Sopelan.
Agerraldian plazaratutako adierazpena:
Uribe Kostako emakumeok (eta jai batzordeetako kideok) jaietan gertatzen diren eraso sexistak ekiditeko neurriak hartzeko bildu gara.
Urtero, uda bukaeran jasotzen ditugun salaketek, gure eskualdeko herrietako jaietan eraso sexista ugari ematen direla adierazten digute: irainak, ukitzeak, bortxaketak… Honek emakumeoi beldurrez bizitzera eta jaiak eta gaua guretzako ez direla pentsatzera eramaten gaitu.
Emakumeok jaiak askatasun osoz bizi eta gozatzeko eskubidea daukagu eta horregatik ez gara etxean geratuko eta ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.
Dei egiten diegu emakume guztioi, eta bereziki emakume gazteei, antolatzera eta autodefentsa praktikatzera. Autodefentsa hitza erabiltzen dugunean, emakumeen arteko elkartasunaz eta borrokaz ari gara, horren adibide orain egiten ari garen hau. Autodefentsarako tresnak eskuragarri ipiniko ditugu, kasu txilibitua, alerta eta salaketa tresna modura.
Erasoak ekiditea denok ardura delako, gaurkoan Getxo, Sopela, Larrabasterra, Algorta eta Erandioko emakumeak eta jai batzordeetako kideak hurrengoa adieraztera etorri gara:
1.- Ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko.
2.- Gure aurrean eraso sexistaren bat emanez gero, momentuan erantzuteko konpromisoa hartzen dugu.
3.- Emakumeok, gure artean elkarri babesa emateko egongo gara.
4.- Erasotzaile, ez zara ongi etorria. Eta agertzekotan zure erasoek erantzuna izango dute.
Iruzkin bat idatzi edo trackback egin
Gaur egun ez Iruzkinak al artículo
Iruzkin bat idatzi
Istorio honen iruzkiak RSS 2.0 jarioarne bitartez jarrai ezazu







Iruzkinik ez